Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Larunbat honetan tunela margotzeko auzolanerako deialdia

Larunbat honetan tunela margotzeko auzolanerako deialdia

04 Martxoa 2026

Legorretako Udaletik herritarrak auzolan ekimen batera deitzen ditugu, herrigunea eta tren geltokia lotzen dituen tunela berriz zuriz margotzeko helburuarekin. Azkenaldian tunela gainetik margotu dute, eta horrek espazioaren argitasuna eta ikusgaitasuna murriztu ditu, bertan ibiltzen diren herritarren segurtasun-sentsazioan eragina izanik.

Ekimena 2018an egindako Legorretako puntu kritikoen lanketan oinarritzen da, herriko emakumeen esperientziak abiapuntu hartu eta espazio publikoetan sortzen diren ziurgabetasun egoerak aztertu ziren hainbat parte-hartze saioetan. Bertan, adin eta jatorri ezberdinetako emakumeek beren bizipenak partekatu zituzten, eta horietatik abiatuta herriko puntu kritikoak identifikatu ziren, segurtasuna baldintzatzen duten faktore fisiko eta sozialak aztertuz.

Diagnostiko horretan azpimarratu zen argiztapenak, ikusgaitasunak, espazio zaindua izateak edo kolore argiak eragin zuzena dutela herritarrek espazioak seguru sentitzeko moduan, bereziki emakumeek.

Horregatik, zuriz pintatutako tunelak argitasuna handitzen du, ikuspena errazten du eta erabiltzaileen ziurtasun-sentsazioa indartzen laguntzen du. Tunela berriro zuritzea, beraz, ez da mantentze-lan hutsa: Legorreta seguruago, inklusiboago eta bizigarriago baten aldeko ekintza kolektiboa da.

Eguna: martxoak 7, larunbata.

Ordua: 10:00.

Bilgunea: Legorretako plaza.