Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Kaleko zaborren inguruko udal batzarra

Kaleko zaborren inguruko udal batzarra

04 Uztaila 2014

Astearte honetan, hilak 24, udalbatzarra ospatu zen kaleko zaborren inguruan jasaten dugun arazoari irtenbidea bilatzeko asmoz.

Urte bete baino gehiago da zabor bilketa sistema berria martxan jarri genuela eta baita ere arazo hau sortu zela. Jendea egoera berrira egokitzeko epe bat utzi eta ondoren arazoak aurrera egin ezkero hainbat neurri hartzea erabaki zen, isunak horien artean.

Baina, arazoa juridikoki aztertu ondoren, isunak jartzeko aukera alde batera utzi da, Sasieta mankomunitateko barne araudiak udaltzaingo izatera behartzen gaituelako eta hori Legorretan ez delako bideragarri.

Honenbestez batzar honetan bildu ginen 22 herritarrek, arazoari irtenbidea eman nahian honakoa erabaki genuen:

  1. Lehenik, arazoa sortzen dutenekin bildu eta ea zergatik egiten duten argitzen saiatu, aurrez aurreko elkarrizketen bidez.
  2. Legorretako herritarren laguntzaz kalean utzitako zaborra bilduko litzateke. Ondoren, astean behin herriko plazan zabor guztia sailkatuko genuke. Neurri hau kalean utzitako zakar hauen eragina pairatzen duten bizilagunei errespetua adierazteko hartzen da, batzarkideen ustez birziklapen sistema ondo burutzen duten bizilagunek ez dutelako horrelakorik merezi.

Bestalde, ekintza honekin birziklatzen ez dutenei birziklatzea erreza dela eta erakusteko prest gaudela irudikatu nahi dugu.

Udaletik ekintza hauetan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar orori, denon laguntza ezinbestekoa baita. Beraz, animatu eta izena eman udaletxean bertan edota udal ordezkariei berri emanez.

Aurrez, mila esker!

Legorretan, 2014ko ekainaren 27an.