Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Gazteen emantzipazioa bultzatzeko Emantzipa programa jarri da abian

Gazteen emantzipazioa bultzatzeko Emantzipa programa jarri da abian

21 Otsaila 2024

Eusko Jaurlaritzak Emantzipa programa jarri du abian. Gazteen emantzipazioa bultzatzeko diru laguntza sorta bat bideratu da datozen urteetan.

Programaren helburuak garbiak dira: 2030erako emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtera murriztea eta emantzipazio-tasa %50eraino igotzea. Horretarako, 25 eta 29 urte bitarteko gazteei (biak barne) eskainiko zaie laguntza hau. Hilean 300 euro ordaintzean datza, gehienez 24 hilabetez, betiere gastu bat egiaztatzen bada (alokairua, hipoteka edo etxebizitza libre baten mailegu pertsonala).

Aipatutako laguntza hau jaso ahal izateko, baldintza batzuk bete behar dira:

- EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea, urtebete lehenagotik gutxienez, edo azken 10 urteetan 3 urtez jarraian erroldatuta egotea.

- Errentamendu-kontratu baten titularra izatea, banaka edo errentakide gisa, edo salerosketa-kontratu baten titularra, banaka edo jabekide gisa, kontratu horrek hileko ordainketa ekonomiko egiaztagarria badakar.

- Ohiko etxebizitzaz bestelako etxebizitza baten jabe ez izatea.

- Etxebizitzak laguntza eskatzen dutenen ohiko egoitza iraunkorra izatea.

- Familia-loturarik ez izatea etxebizitza alokatzen duen pertsonarekin (bigarren mailara arte).

- Alokairuaren, hipotekaren edo maileguaren zenbatekoa banku-transferentzia bidez, Bizum bidez… ordaintzea. 

Baldintza ekonomiko batzuk ere badaude: zerga-aitorpena banaka eginez gero, 3.000 eurotik gorako eta 28.000 eurotik beherako urteko diru-sarrerak izatea. Eta baterakoa eginez gero, 3.000 eurotik gorako eta 34.000 eurotik beherako urteko diru-sarrerak. Era berean, eskatzaileak ezin du 75.000 eurotik gorako ondarerik izan.

Eskabideak aurkezteko epea dagoeneko irekita dago eta azaroaren 29ra arte aurkeztu ahalko dira. Eskaera aurkezteko modurik errazena online egitea da, esteka honetan BakQ-rekin identifikazio elektronikoa eginez, baina aurrez aurre ere aurkez daiteke.

Programaren inguruko informazio gehiago behar izanez gero, kontsultatu hemen.