Joan den azaroaren 19an, 15 lagun elkartu ginen Legorretako Udaleko Batzar Aretoan, Udalaren eta SIADECOren deiari erantzunez.
Bakartxo Mendez alkateak hartu zuen, lehenik, hitza, eta ondoren, SIADECOko Juanjo Allurrek eman zituen azalpenak.
Batetik, Udalak 2014an bertan onartuko duen Euskararen Legorretako Udal Ordenantzaz aritu ginen; Udalaren hizkuntza-erabilera arautzera eta euskararen erabileraren aldeko neurri proaktiboak sustatzera datorren Ordenantzaz, alegia. Aldaketarik gehien, Udalaren idatzizko barne funtzionamenduan eta herritarrekiko harremanetan nabarituko dugu legorretarrok, euskara lehenetsiko baita aurrerantzean. Udalak diruz lagundutako jarduerei ere eragingo die, hizkuntza-irizpideak bete beharra baitakar 2015ean indarrean jarriko den Ordenantzak.
Udalarekin harremanak euskara hutsean nahi dituzten herritarren errolda egingo da, eta herriko talde eta elkarteei, modu progresiboan urratsak egitea proposatu zaie.
Ildo horretatik, herri ekimenetik jaiotako euskararen aldeko gizarte mugimendu bat sortzeko gogoaz eta beharraz ere hitz egin zen. Horretarako, dagoeneko Legorretan dagoen herri dinamika aprobetxatuko da; honela, herriko talde eta elkarte guztiei, euskara arduradun edo euskara solaskide bat izendatzeko proposamena luzatu zitzaien azaroaren 19an. Harreman-sare hori, hizkuntza-tipologia ezberdineko herritarrek osatzea da asmoa: euskal hiztunek zein hala ez direnek, bertan jaiotakoek zein kanpotik etorritakoek... horiek guztiek emango diote ahotsa egitasmoari. Mugimendu edo talde honen egitekoen artean, euskararekiko motibazioa lantzea, informazioa eta esperientziak partekatzea, adostasunak bilatzea edota euskararen aldeko eskualde, lurralde edo herrialde mailako ekimenak Legorretara ekartzea, aipatu ziren. Partaideek erabakiko dute nola funtzionatu; lehen erronka gisa, datorren urtean zehar, lau bileratan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten bertaratutakoek. Talde eragilearen lehen egitekoa, izena eta irudia erabakitzea izango da, eta irekita dagoen arren, lehen proposamen batzuk entzun eta ikusi ahal izan genituen azaroaren 19ko bilera hartan.
Euskararekiko herri ekimena eta elkarlana indartze aldera, hain zuzen ere, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, agerraldi bat egitea adostu zen, euskarak, Udalari dagozkion komunikazio esparruetatik haratago ere merezi duen tokia izan dezan. Hitzordua, esan bezala, abenduaren 3an izango da, iluntzeko 18:30etan, Legorretako frontoian. Herritar oro dago ekimen honetan parte hartzera gonbidatuta.
Euskara, legorretar guztion ondarea da; ea, guztion artean, erronkari eutsi eta euskara, modu atsegin eta erakargarri batean, legorretarrentzat hizpide izatea lortzen dugun!


