SATTO kultura elkarteak Esanezin eta Mugan taldeen kontzertuak antolatu ditu igande honetarako, otsailak 18. Herri Antzokian izango da, eta 18:00etan hasiko da ikuskizuna. Ez da aurresalmentarik egongo; beraz, igandean jarriko dituzte salgai leihatilan 6 euroren truke.
Esanezin Altzagaraten sortutako taldea da. Egunotan lau kidek osatzen dute taldea: Ianire Aranzabe (ahotsak eta gitarra akustikoa), Iñigo Asensio (pianoa, sinteak eta baxua), Arri Iraeta (bateria eta perkusioak) eta Ander Zubillaga (gitarra elektrikoa). “Esan ez ditugun gauza horiengatik gaude hemen; alegia, denbora isildu dugunaren oihartzuna besterik ez da. Musika da azaldu ezin diren gauza esanezin horiek transmititzeko dugun modua”, diote taldetik.
Mugan, bestalde, 2019an Donostian jaiotako taldea da. Hainbat aurrerapen kantu atera ondoren, 'Bizirik Ez Bagaude' (2022) izeneko diskoa argitaratu zuten. Honekin, Euskal Herrian zehar mugitzen hasteko aukera izan zuten. Gaur egun, 'Aurrera Ez Den Alde Batera' (2023) diskoa aurkeztu berri du seikoteak. Taldea kide hauek osatzen dute: Eneritz Genua (biolina), Joseba Pastor (baxua), Markos Murua (gitarra elektrikoa), Enara Rodriguez (pianoa), Ander Murua (bateria) eta Pablo Zurutuza (gitarra akustikoa eta ahotsa).
