Etxean eraginkortasun energetiko altuko birgaitzea lortzeko tailerra hilaren 9an
02 Azaroa 2021
Gaur zortzi, azaroaren 9an, Energia Argitu programako tailer bat izango da udaletxean, Foru Aldundiarekin lankidetzan antolatuta. Tailerra 18:00etan hasiko da, eta beharrezkoa da aurrez izena ematea: argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzita edo 605-75 76 87 telefono zenbakira deituta (azken eguna, azaroaren 5a).
Tailer honen helburua da bizitegirako diren eraikinen birgaitzea aurrera eramateko orduan herritarrei energia-eraginkortasunarekin zerikusia duten irizpideak eta ezagutzak eskura jartzea, betiere, modu erraz eta ulergarrian.
Eraginkortasun altuko birgaitzeak herritarren bizi-kalitatean eragiten du, ondorengo arrazoiengatik:
Aurrezpen ekonomikoa handituko da, energiaren kontsumoa gutxituko baita: isolamenduak, hermetikotasunak, aireztapen egokiak eta instalakuntza eraginkorrek energia aurreztea dakarte, eta, ondorioz, baita dirua aurreztea ere.
Bertan bizi diren familiek osasunean irabaziko dute: hezetasunak kontrolatuko dira kondentsazioak saihestuz eta, ondorioz, patologiak ekidinez.
Tailerrak aurrera egiteko gutxienez bost pertsonak eman beharko dute izena. Interesgarria izango delakoan, animatu eta eman izena!